XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haurrak Auzoko haurrak etorri zitzaizkidan elkarrizketa zertzeko asmoz.

Ikastolan inposatu zioten egitaraua ariketa gisaz eta hauzokide txikiek herriko pertsonaia bezala hautatu zidaten, kalean aipua konpondu genuen eta puntualtasun britaniarrarekin tinbrea jo zidaten.

Galderak prestaturik zeuzkaten folioan eta txandaz jaurtiki zizkidaten idazle bat zehazki zer denez izaten zituen zalantzak: Parentesis bat.

Kontenzioso ugari izan dugu elkar hauzoko neskamutilek eta nik, badakizue, lehiopean bertan futbol atari kokatzeagatik, etxeko azpian dagoen garajean monopatinez txirristatzeagatik etabar.

Behin baino gehiago kanporatu ditut frontoiaruntz, zumardiruntz, hondartzaruntz eta, ez dizuet ukatuko, inpernuruntz.

Mementuz, murrungaz obeditu didate beti eta lanari ekin diot interferentziarik gabe (biharamunean, noski, hor zegoen berriro, hormaren kontra jotakie palarekin, eta ohizko eztabaida antolatzen zen: argudio guztiak saiatu ditut, eskolastikoak, silogistikoak, sobornoak, txantajeak, suplikatorioak, baina erregaitzak dira benetan eta ezin dutela ulertzen dut nik, eta azken finean errua urbanistei dagokiela erabaki dut betirako).

Nire burua kaleko mamutzat jotzen nuen, baina halere umeek aukeratu ninduten heuren etxekolana betetzeko eta zirkunstantzia honek fair play-aren zentzumena zorroztuta samar daukatela eta, helduen alderantziz, arrenkura zer den enoratzen dutela konfirmatu dit.

Parentesisaren amaiera.

Bada, itaunketak bere une ohikerizkoak iduki arren, arlo interesgarri batzuk barne zeramatzan ere.

Non eta noiz hasi nuela idaztera, zergaitik euskaraz nekiela eta honako prolegomenoak ez zidaten harritu: milaka aldiz gauza bera galdetu didate kazetari amorratuenek.

Eta bapatean Aquilesen taloian kausitu ninduten, ea beste bat ba al neukan idaztearen aparte hauteman saiatu zutenean alegia.